2019-(e)ko abuztua-ren 2-a, ostirala
Zabalik dago 8. ediziorako izen-ematea. Partaideek enpresetan praktikak egiteko aukera izango dute.
Urola Kostako Udal Elkarteak HAZILAN PROIEKTUAren zortzigarren deialdia egin du. Proiektuaren azken helburua langabeei laneratzen laguntzea edota lanean ari direnen lan aukerak hobetzea izaki, egitasmoa eskualdeko enpresa eta langabe edota lana hobetu nahi dutenei bideratuta dago. Orain arte, ibilbide emankorra izan du ekimenak Urola Kostan. Aurreko 7 edizioetan zehar, guztira, 109 pertsonek hartu dute parte eta hainbat gaitasun sozioprofesional landu ondoren, laneratzeko prozesuak egin dituzte 46 enpresetan (praktikak, prestakuntza lanpostuan...).
8. edizioa: prestakuntza zehatza eta praktikak
Bi dira 8.edizio honetako alderdirik azpimarragarrienak. Alde batetik, aurreko edizioan prestakuntza eskaintza indartzeko apustuari heldu zaio. Bestetik, 7.edizioan nola, parte hartzaileek enpresetan praktikaldia egiteko aukera izango dute.
Programak bere-berea duen prestakuntzaz gain, praktikaldiari ekin aurretik, bogan den eta lan munduan murgiltzeko ezinbestekoa bihurtu den esparru bati buruzko 24 orduko prestakuntza osagarria jasoko dute 8. edizioan parte hartzen duten eskualdeko gazteek (aurreko edizioan egin bezalaxe). Hain zuzen ere, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, sarean norberaren marketina behar bezala egiteko gakoak ezagutuko dituzte. Amaitzeko, eskualdeko enpresaren batean 200 orduko praktikaldia egiteko aukera izango dute.
Informazio saioa
Informazio-saio bat egingo dugu interesa duten gazte kualifikatuentzat, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko:
Eguna eta ordua: irailak 12, 10:00etan
Non: Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6, Zarautz)
Programaren xehetasunak
Programak, hiru atal nagusi izango ditu: lehendabizi AKTIBATU fasea (zeharkako konpetentziak lantzeko), ondoren PRESTATU (prestakuntza osagarria) eta, azkenik, KOKATU fasea (praktikaldia enpresetan). Hona hemen xehetasunak:
AKTIBATU urratsa (80 ordu):
Zeharkako konpetentziak landuko dira bizipen-prestakuntza pertsonalizatua eta integrala eskainiz.
Zeharkako konpetentziak landuko dira ikasitakoa egiteko eta praktikatzeko metodologia erabiliz. Gaur egun, enpresak gero eta gehiago eskatzen ari diren konpetentzia pertsonalak eta profesionalak landuko ditugu (proaktibitatea, norbere buruarekiko konfiantza, taldean lan egiten jakitea…).
Egutegia eta ordutegia:
Noiz: 2019ko irailaren 23tik azaroaren 7ra bitartean.
Egunak: astelehenetik ostegunera 9:30etik 13:30era.
PRESTATU (24 ordu): PRESTAKUNTZA TEKNIKOA - Nire marketina sareetan
Helburu orokorra da, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, sarean norberaren marketing-a egiteko gakoak ezagutzea. Besteak beste, ondorengo gaiak landuko dira:
Personal Branding: Profil profesionala, digitalki.
CV digitala: Wix, Bideocurriculum-a, Linkedin…
Sare sozialetako estrategia: Facebook, Instagram, Twitter…
Hainbat erreminta digital: Trello eta Google-eko erremintak, besteak beste.
Egutegia eta ordutegia:
Noiz: 2019ko irailaren 27tik azaroaren 8ra bitartean.
Egunak: ostiraletan 09:30etik 13:30era.
KOKATU fasea (200 ordu) :
Lanbide-profilaren arabera, benetako lan esperientzia lortuko da. Praktikak egiteko lanpostua eta norberaren profila kontuan hartuko dira.
Egutegia eta ordutegia:
Noiz: 2019ko azarotik 2020ko urtarrilera bitartean.
Egunak: astelehenetik ostiralera, gehienez ere 6 orduko lanaldia
Argibideak eta izen ematea: irailaren 18ra arte
Izena emateko bi modu daude: bat, Urola Kostako Udal Elkarteko egoitzara bertaratuta; bestea, izena emateko eskaera-orria posta elektronikoz bidalita (helbidea hazilan@urolakosta.eus). Eskaera egiteko orria eskura dago Udal Elkartearen webgunean: www.urolakosta.eus
Vanessa Garcia
943890808
hazilan@urolakosta.eus // http://www.urolakosta.eus/eu/hazilan-programa