2016-(e)ko otsaila-ren 24-a, asteazkena
6.000.000 euroko apustua egin du Garapenek gazte enplegua sustatzeko
6.000.000 euroko apustua egin du Garapenek gazte enplegua sustatzeko. 2014-2020 aldirako Euskadiko Programa Operatiboan kokatzen da proiektua, eta Europako Gizarte Funtsak finantzatzen du % 50ean, eskualde-garapeneko 20 agentziaren parte-hartzearekin.
Garapenek (Garapen Agentzien Euskal Elkartea), proiektuko kide diren hogei garapen agentziekin batera, eta Eusko Jaurlaritzarekin eta Europako Gizarte Funtsarekin elkarlanean, Hazilan laneratze-proiektua jarri du abian 2016-2021 aldian. Langabezia-egoeran dauden 20 urtetik 35 urtera bitarteko gazte kualifikatuak (unibertsitateko edo LHko goi-mailako zikloko titulazioa) laneratzeko proiektua da Hazilan. Kolektibo horrek, prestakuntza-maila handia badu ere, zailtasun handiak ditu lan-merkatuan sartzeko, bere lanbide-profilari lotutako esperientziarik ez duelako batetik, eta enpresek eskatutako zeharkako konpetentzia eta gaitasunen jabe ez delako bestetik. Hazilanen helburu nagusia laneratzea da, laguntza pertsonalizatuaren bitartez. Hazilan proiektuari esker, garapen-agentziek etorkizuneko proiektuak dituzten enpresak zein diren jakingo dute, eta enplegu bat lortzeko behar dituzten baliabideak jarriko dituzte gazteen eskura, haien gaitasunak indartuz eta kudeatzen lagunduz.
Hazilanen lanak enpresen benetako premiak ditu abiapuntu. Urte hauetan garapen-agentziek egiaztatu dutenez, enpresek pertsona ekintzaile eta sortzaileak behar eta eskatzen dituzte, laguntza beharrik ez duten pertsonak, komunikatzen eta taldean lan egiten dakitenak eta beren zereginak espero diren helburu eta emaitzen arabera kudeatzeko gauza direnak. Konpetentzia eta gaitasun horiek guztiak ezinbestekoak dira, baina askotan ez dira ikastetxe bateko ikasgeletan eskuratzen. Hazilanek konpetentzia horiek jasotzeko bidea erraztu nahi du, lan-eremuko esperientzia zehatz baten bidez, edo enpresak garatu nahi duen proiektuarekin uztartuz.
Hazilanek aukera berdintasunaren eta diskriminazio ezaren benetako integrazioa lortu nahi du, eta genero-berdintasuna bermatuko du. Horregatik ahaleginduko da aukera-berdintasunaren printzipioarekiko errespetua bermatzen, eta, aldi berean, genero-ikuspegiaren integrazioa eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren sustapena ziurtatzen. Lanpostuen % 55 emakumeentzat izango dira, eta horrekin lortu nahi dugu emakumeek lan-arlo eta -eremu jakin batzuetan duten presentzia txikiagoa konpentsatzea.
Hazilanek metodologia berritzailea proposatzen du, ibilbide pertsonalizatu batean oinarritua, eta parte-hartzaileen ezaugarri pertsonaletara eta enpresek eskatutako proiektu profesionaletara egokitua. Proiektua zenbait baliabidetan oinarritzen da. Lehen fase batean, pertsonen aktibazioa bilatzen da, eta jarraian, proiektuaren arabera, ikasketa espezializatuak egiten dira, praktikak gauzatzen dira, edo enpresa-proiektuetan parte hartzen da, honako ezaugarri hauekin:
Aktibatu: motibatzea, inplikatzea eta aktibatzea
Hazilan programaren lehen faseari “Aktibatu” esaten zaio, eta pertsonengan motibazioa, erantzukizuna, helburuak kudeatzeko gaitasuna, komunikazioa eta abar sustatzea du xedetzat. Helburua pertsonak prestakuntza pertsonalizatu baten bitartez eta coach baten laguntzaren bitartez aktibatzea da; horretarako, alderdi psikologikoak eta emozionalak ez ezik, lanbide-garapena lortzeko behar diren konpetentziak ere landuko dira.
Lanekin: prestakuntza enpresan
Lanekin: enpresan prestakuntza eskaintzen da lanpostu jakin bat betetzeko, eta enpresako irakasle batek bere gain hartzen du irakasteko eta ikasitakoa ikuskatzeko ardura. Prestakuntzak 300 ordu inguru iraungo du.
Kokatu: praktikak enpresan
Kokatu: praktikak egiteko hiru hilabetetik sei hilabetera bitarteko egonaldiak gauzatu behar dira enpresetan, lanpostua eta lanbide-profila kontuan hartuta. Enpresak gidatzen du prozesu osoa, eta Hazilan proiektuko teknikari batek egiten du jarraipena.
Talentu Ihesa: enpresa-proiektuak
Talentu Ihesak lanbide-gaitasuna indartzen du enpresa-proiektuetan parte hartzeko aukera emanez. Proiektuak honako arlo hauekin lotuta egongo dira: nazioarteko merkataritza, berrikuntza eta dibertsifikazioa, teknologia berriak, eta abar. Hautatutako pertsonek errefortzu-prestakuntza (200 ordu) jasoko dute proiektuan sartu aurretik.
Honako hauek dira Garapenekin batera Hazilan programan parte hartzen duten agentziak: Amurrio Bidean, Añanako koadrila, Durangaldeko Behargintza, Egaz-Txorierriko Behargintza, Erandioko Behargintza, Inguralde, Lea-Artibaiko garapen-agentzia, Leioako Behargintza, Meatzaldeko Behargintza, Mungialdeko Behargintza, Uribe Kostako Behargintza, Andoaingo Udala, Debagoieneko Mankomunitatea, Debegesa, Iraurgi Lantzen, Oarsoaldea, Tolosaldea Garatzen, Uggasa, Urola Kostako Udal Elkartea eta Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintza.