miércoles 29 de junio del 2016

Facilitando el acceso de las personas jóvenes al mercado laboral

 

"Gazteek zailtasun bat dute: esperientzia hartzeko aukera gutxi dituzte”

 

Elkarrizketa:

 

Sandra Fernández eta Jesus Aguirre. (Iraurgi Berritzeneko lan munduratze teknikaria eta zuzendaria).

 

Hainbat proiektu dituzue gazteen laneratze prozesuan laguntzeko. Hazilan da horietako bat. Zein da helburu nagusia?

 

Gazte kualifikatuen lan-txertatzea hobetzea bailarako gazteak eta bertako enpresak uztartuz. Kualifikazio altuko jendea enpresekin lotzea. Gazteak batzearekin batera, enpresak lotzen ari gara. Izan ere, aukera bat da enpresentzat ere. Hazilan proiektuak ahalbidetzen die enpresei bailarako gazte kualifikatuak ezagutzea eta proiektu batzuetara lotzea, konpromisozko lan harremanik gabe. Hitzarmen bat sinatzen da. Aukera bezala ikusi behar dute.

 

Eta kualifikazio baxua dutenentzat?

 

 “Txertatu Merkatuan” proiektua jarriko dugu martxan. Erdi mailako ikasketak dituztenentzat, edo erdibidean bukatu gabe utzi dituztenentzat da.

 

Egun, gazte gehienek dituzte ikasketak ala?

 

Orokorrean oso prestatuak datoz baina badaude kualifikazio gutxikoak ere. Industria hazten hasten denerako beharrezkoa da Lanbide Heziketa indartzea ere. Industria da gure motorra, eta sekulako iraultza dator 4.0 industriarekin eta prestakuntza duen jendea beharko da. Gaur egungo gazteek zailtasun bat dute.

 

 

Zein da gaur egungo gazteek duten zailtasun hori?

 

Esperientzia hartzeko aukera gutxi dute. Esperientzia eta gela batean ikasten ez diren gaitasunak hartzea falta zaie.

 

Zeintzuk dira eskakizun horiek?

 

Taldean lan egiteko ahalmena edo iniziatiba izatea, hizkuntzak jakitea… Hasieran asko motibazioa galduta egoten dira, eta gaitasun horiek garatzeko aukera ematen diegu. Belar motzean hazitakoek asko borrokatu behar izan zuten, eta asko ikasi zuten. Aukera hori gazteek ez dute izan. Ez da gazteen errua. Denon artean egiten dugu gizartea. Baina beharbada falta da proaktibitatea, konpromisoa, lana baloratzea…

 

Gazteen testigantzak:

 

Olatz Eizagirre, 37 urte

 

“Ikastaro bat egin nuen lan enpleguko webguneak ezagutzeko: infojobs, infoempleo eta antzerakoak. Orain eskaintzak mail bidez iristen zaizkit. Oso arreta ona jaso nuen Enplegu Zentroan. Konfiantzazko tratua eskaintzen dute, eta lasaiago sentiarazten zaituzte”.

 

 

Nerea Rezabal, 31 urte

 

“Ikastaro bat egin nuen CVa nola osatu eta berritu ikasteko. Galdeketak egin zizkidaten eta asko lagundu zidan Enplegu Zentrora jo izanak. Orain lanean nago. Nik jendea animatuko nuke. Izan ere, beti ondo dator. Nik Facebooken bidez izan nuen agentziaren berri, eta ondo etorri zait”.