Enplegurako aktibatzea

Aktibatu Programa

Aktibatu programa laneratzen eta lan-aktibazioan laguntzeko prozesuari hasiera emateko ibilbidearen lehen urratsa da, eta pertsonaren alderdi integralak lantzen ditu: alderdi fisikoa, kognitiboa eta emozionala.

Gaur egun, hezkuntza arautuaren prestakuntza, berez, ez da nahikoa gazteek lan-merkatuan aukera hobeak edukitzeko. Izan ere, behar bezala moldatzeko baliabideak eta gaitasunak eduki behar dituzte gazteek. Enpresek eskatzen dituzte etengabeko aldaketetara egokitzeko, gatazkak kudeatzeko, presiopean lan egiteko, emozioak kudeatzeko edota taldearekin koordinatzeko gai diren profilak. Konpetentzia horiek ez dira kontuan hartzen, oro har, ikasketa arautuetan, baina alderdi erabakigarriak dira.

Aktibatu fasearen helburuak

Pertsona bakoitzaren konpetentzia pertsonalak eta profesionalak identifikatzen laguntzea.



Parte-hartzaileek beren aurreko ikasketa eta esperientzietan eskuratutako ezagupenak eta trebetasunak berriz balioestea.



Laneratzeko beharrezkoak diren konpetentziak eta trebetasunak indartzea.



Parte-hartzaileak enplegua bilatzeko bidean jarrera proaktibo baterantz bideratzea.



Elkar laguntzan eta taldeko lankidetzan oinarritutako sinergia eraikitzailea sortzea.

Aktibatu faseko ekintzak

Prestakuntza teoriko-praktikoa

Jardun integrala (50 ordu inguru), pertsonaren alderdi guztiak (alderdi kognitiboa, emozionala eta fisikoa) lantzera bideratua, banan-banako eta taldeko ekintzen bidez konpetentzia pertsonalak eta profesionalak garatzeko.



Honela garatuko da prestakuntza hori:

Konpetentzia pertsonalak eta emozionalak

autodiagnostikoa egingo dugu, pertsonaren baliabideak identifikatu eta haren indarrak sustatuz. Horretarako, hainbat konpetentzia landuko dira: proaktibitatea, autonomia, automotibazioa, autoerantzukizuna, pentsamendu kritikoa, frustrazioarekiko tolerantzia, espektatiben kudeaketa…

Lanbide-konpetentziak

pertsona lanbide-rolean kokatu eta lan-munduan eskatzen diren konpetentziei lotutako alderdiak landuko ditugu: komunikazioa, presentzia, talde-lana, lankidetza, gizarte-trebetasunak, lidergo partekatua, gatazken kudeaketa, erabakiak hartzea, plangintza…

Merkatuan kokatu

aurreko faseetan landu diren eta enplegua bilatzeko prozesua abian jartzea helburu duten alderdiak zehaztuko ditugu. Horretarako, honakoak egingo ditugu: helburuak zehaztu, baliabideak identifikatu, merkatura bideratu, ekintza-plan bat zehaztu, elkarrizketetan eta automarketinean trebatu…

Autokudeatutako guneak/taldeak

gune fisiko bat da, prestakuntza teoriko eta praktikoan parte hartu duten pertsonei enpleguari lotutako hainbat alderdi eta arlotan jakintza gehiago eskuratzeko lankidetzan jarduteko aukera emango diena.



Autokudeatutako talde horren helburuak honakoak dira:



Enplegua bilatzen duten eta gizarteratu eta laneratzeko prozesuan murgilduta dauden pertsonen bakardadeari aurre egitea.



Lan-merkatuan txertatzea erraztuko duten baliabideei buruzko jakintzak elkarrekin partekatzea.



Enplegua aurkitzeko aukerak gehitzea.



Parte-hartzaileei beren ibilbidean lagunduko dien eta zehaztutako helburuetarako bidea erraztuko duen bideratzaile edo coach bat izango dute gune horiek.



Talde horretan landu beharreko edukiak prestakuntza teorikoa indartuko du, parte-hartzaileen, grabazioen eta abarren bitartez.



Talde bakoitzak 30 ordu inguruko iraupenaizango du.

Banako eta taldeko jarraipenak

3 jarraipen-mugarri ezartzen dira a priori: hasieran (helburuaren definizioa lantzeko), prozesuaren erdian (pertsonen bilakaera aztertzeko), eta amaieran (helburuen betetze-maila balioesteko eta laguntza handiagoa behar duten pertsonen alderdiak indartzeko).



5 orduko jarraipena egingo da, a priori, pertsona bakoitzeko.

Aktibatu, fasea amaitzean, HAZILAN programak eskaintzen dituen baliabideetara joko du pertsonak (zeharkako konpetentziei lotutako trebakuntzaren ondoren laneratzea lortzen duten kasuetan izan ezik). Zehazki, 3 baliabide dira:



Lanpostuko prestakuntza: LANEKIN programa.



Praktikak enpresan: KOKATU programa.



Lehiakortasuna hobetzeko proiektuen garapena: TALENTU IHESA programa.